Epe ertainera, Turismo Elkartearen zerbitzuak Udaletxearen ekialdeko hegaleko behe solairuan kokatuko dira, Boulevardera begira dagoen aldean; hain zuzen ere, duela hamarkada batzuk Donostiako Udal Aurrezki Kutxaren bulego bat egon zen tokian.
Ernesto Gasco turismo zinegotziak egin du proposamena gaur goizeko kontseiluan, eta kide guztiek babestu dute, EH Bilduko ordezkariaren abstentzioarekin.
Gascok jakinarazi du gaur egungo bulegoaren errentamendua abenduaren 15ean amaituko dela, eta jabeak lokala lagatzeko duen asmoa adierazi duela, hotel bat zabaltzeko Boulevardean. “Negoziazio prozesu baten ondoren, beste bi urte lortu ditugu gaur egungo turismo bulegoaren alokairuarentzat, prezioa garestitu gabe” adierazi du Ernesto Gascok.
Gaurko Turismo Kontseiluaren bileran, beraz, erabaki da Udalari eskatzea Boulevardera begira dagoen Udaletxeko behe solairuko lokala erabiltzeko baimena. “Bere garaian, Udal Aurrezki Kutxak bulego bat eduki zuen toki horretan, eta gerora desagertu egingo ziren eskailera batzuetatik sartzen zen bulego horretara. Kontua litzateke eskailera horiek berreskuratzea, turismo bulego berriaren sarbide modura. Horrela, hiriaren bihotzean ezin hobeki kokatutako bulego bat izango genuke, eta tamaina egokikoa gainera”, erantsi du turismo zinegotziak.
Neurri hau EAJ eta PSE-EE alderdien arteko gobernu akordioan jasota dago, eta beste erakunde batzuen ekarpena izan lezake, hitzarmen bidez, Gipuzkoa osoko turismo zerbitzuak bateratu eta teknologia aplikatuz hornitutako bulego moderno bat zabaltzeko.
“Donostiak behar duen turismo bulegoa da, arreta egokia behar duen haren kalitatezko turismoaren aldeko apustua irabazteko”, erantsi du amaitzeko Ernesto Gascok, zeinak gogoratu baitu aurretik bi urte daudela proiektu hau gauzatzeko.