Donostiako Udalak ostiral honetan aurkeztu ditu datorren martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, kanpaina eta kartela
Aurtengo kanpainak Emakumeen Etxeak udal ekipamendu gisa herritarrei egiten dien ekarpena eta balioa aldarrikatzen ditu. Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez, "Emakumeen Etxeak 15 urte bete ditu, eta, denbora horretan zehar proiektu estrategiko bihurtu da berdintasun-politikak zaintzan ezartzeko. Topaketa, eztabaida eta hausnarketa feministarako gune bat da, bizitzaren eremu guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorrerantz aurrera egitea helburu duten politiketan, programetan eta proiektuetan eragin ahal izateko".
Horretarako, "Emakumeen Etxeak aholkularitza-zerbitzuak, ahalduntze-taldeak eta prestakuntza-ikastaroak eskaintzen ditu, hiriko emakumeen ahalduntzea lortzeko estrategia gisa".
2018tik, datu estatistikoak sistematizatzen hasi garen urtetik, Etxean 6.200 emakume baino gehiagok parte hartu dute ikastaro eta talde desberdinetan, eta 7.200 hitzordu baino gehiago hartu direla aholkularitza-zerbitzuetan. Batez ere, Emakumeen Etxeak indarkeria matxistaren prebentzioan eta esku-hartzean egiten duen lana azpimarratu nahi dugu. Balioa eman beharreko beste elementu bat kogestio ereduaren aldeko apustua da: Emakumeen Etxea Elkartea eta Udaleko Berdintasun Atala elkarlanean ari dira Etxearen kudeaketa aurrera eramateko.
Kartela
Emakumeen Etxearen esentzia espazio feminista bezala eta bere 15 urteko bizitzaren ospakizuna jaso dituu Concetta Probenza diseinatzaileak aurtengo M8ko kanpainako kartelean. Sortzaileak bere diseinuan adierazi du Emakumeen Etxea sostengatzen duen motorra mota guztietako emakumeen indarra da, eta horri esker, hiria berdintasunaren aldeko espazio bizia eta plurala izatea posible da.