Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE DONOSTIA

BULETINAREN HARPIDETZA

EGURALDIA DONOSTIAN

BERRIAK

2018 UZT 24

DONOSTIAKO HOTELEK BERTAKO MODA ERAKUTSI ETA SALDUKO DUTE

Donostiako Alkateordetzaren Donostia Moda Klusterrak eta Adegik egitasmo bat jarriko dute martxan, bertako moda enpresek beren kolekzioak erakutsi ahal izan ditzaten Donostiako lau eta bost izarreko hoteletan. Horrez gain, deialdi bat irekiko da diseinatzaileentzat, Donostiako Zinemaldiko gala eta ekitaldietako aurkezleak janzteko proposamenak aurkez ditzaten.

Ernesto Gasco alkateordearen hitzetan, “primerako albistea da Adegik Donostia Moda Klusterrarekin bat egin izana. Hotelek, diseinatzaileek eta enpresek proiektu honetan elkarrekin lan egiteko aukera honi esker, sektorea agerian jarriko da, Made in San Sebastian markak indarra hartuko du turisten aurrean, eta marka horrek bultzada ekonomikoa ekarriko du gure hirian turista gehien ibiltzen den hilabeteetan. Modarekin lotutako proiektu guztiak zuzentzen ditugu hiriko hainbat eragilerekin batera, eta bideratzaile lan horrek fruitu oso onak emango ditu egitasmo garrantzitsu honekin, zeina luzerako etorri baita. Europako hiri ugaritan oso ohikoa da lauzpabost izarreko hoteletan produktu berezi eta esklusiboak saltzeko negozio eredu hau”.

Azken urte hauetan, turismoa tokiko ehungintzaren motor bilakatu da, hiriko salmenten oinarri sendoa izaten baita urtearen zati handi batean. Horregatik, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen bidez martxan jarri da proiektu hau, bertako enpresei hiriko hotelik esanguratsuenetan kalitatezko erakusleiho bat jartzeko. Erakusleiho interesgarri horretan produktuak erakutsi ahal izateko, proiektuan parte hartu nahi duten diseinatzaileen eta hotelen zerrenda bat egingo da. Gero, parte hartzaileak zein izango diren erabaki ondoren, hotelek beren bezero motari hobekien egokitzen zaion firma hautatu ahal izango dute. Gainera, hotelek aukera izango dute erabakitzeko ea doako saltoki bat lagako duten edo, bestela, diseinatzailearen enbaxadore izango diren, bezero interesdunak hari bideratzeko.

Proiektu honen lehen edizioa 2018ko urriaren 24tik 2019ko maiatzaren 5era bitartean egongo da martxan. Edonork parte har dezake, doan, eta abuztuaren 30era arte dago izena ematea.

Era berean, Donostia Moda Klusterrak beste egitasmo bat jarriko du abian bigarren urtez jarraian: bertako enpresei aukera emango die Donostiako Zinemaldiko galetako aurkezleak janzten parte hartzeko. Helburua da, hain zuzen ere, Zinemaldia tokian tokiko markak sustatzeko marketin plataforma handia bihurtzea, hautatzen diren diseinuak erakusteko leku aproposa den heinean.

Interesa duten diseinatzaileek beren jantzi proposamenak aurkeztu beharko dituzte; ondoren, aurkeztutako guztien artetik batzuk aukeratuko dira, alde batetik diseinuen egokitasuna eta bestetik diseinatzaile bakoitzak sustapen eta lankidetza proiektu honetan izango duen konpromisoa kontuan hartuta. Behin hautaketa egindakoan, aurkezleek eta haien estilistek erabakiko dute ea diseinuetako bat aukeratuko duten galetan parte hartzeko.

Abuztuaren 26a baino lehenago eman behar dute izena interesa duten enpresek.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE