Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE DONOSTIA

BULETINAREN HARPIDETZA

EGURALDIA DONOSTIAN

BERRIAK

2016 IRA 14

BERDINTASUN DEPARTAMENTUAK ETXEKO LANGILEENTZAKO DOAKO AHOLKULARITZA ZERBITZU BAT JARRIKO DU ABIAN

Donostiako Udalak, Berdintasun Departamentuaren bidez, etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzu bat jarriko du abian urriaren 3an, astelehena.

Udaleko Berdintasuneko zinegotziak, Duñike Agirrezabalaga sozialistak, hauxe adierazi du: “Zerbitzu hau doakoa izango da, eta etxeko langileei eskainiko zaie, euren eskubide zein betebeharrei, soldatei, kontratu motei, oporretarako eskubideei, egun eta ordu libreei, Gizarte Segurantzako kotizazioari, baimenei, kaleratzeei... buruzko informazioa emateko edo horiei buruzko zalantzak argitzeko. Azken batean, emakume horiek egiten duten lanarekin lotutako alderdi guztiei buruzko informazioa emango zaie; izan ere, batzuetan, kontratatzen dituztenek lan gehiegikeriak eragiten dizkiete”.

Langileen eskubideetan adituak diren Ana Lopez eta Juana Aranguren abokatuak arduratuko dira doako aholkularitza zerbitzu hau emateaz. Horretarako, ezinbestezkoa izango da aldez aurretiko hitzordua eskatzea, bai 943 48 34 70 telefonora deituta, bai Emakumeen Etxera joanda, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 21:00etara. Aholkularitza zerbitzu hau aurrez aurre edo telefono bidez jaso ahal izango da, bertaratu ezin dutenek ere aukera izan dezaten.

“Garrantzitsua da telefono bidez ere zerbitzua jasotzeko aukera izatea; izan ere, etxeko langile ugarik oso ordutegi nahasiak izaten dituzte, ordu askokoak eta toki desberdinetan egin beharrekoak. Horregatik, denbora libre gutxi izaten dute informazio bila bulegoren batera joateko”, adierazi du Berdintasuneko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak.

Aholkularitza zerbitzuaren helburua da etxeko langileen eskubideak urra daitezen saihestea. Bi abokatuek euren lana egingo dute etxeko langileek behar bezala uler dezaten zein diren euren betebeharrak zein eskubideak eta horiek identifika ditzaten. Abokatuek ikusten badute langileak adierazitako egoeran legea urratu dela, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Zerbitzura jo ahal izango dute, auzibidera jo aurretik. Era berean, zerbitzuaren helburua izango da zeinahi erreklamazio egiteko gauzatu behar dituzten izapide guztiak azaltzea.

Duñike Agirrezabalagak adierazi duenez, “gaur egun, oraindik ere, etxeko langileek egiten dituzten zereginek ez dute merezitako gizarte baliorik jasotzen, nahiz eta ezinbesteko zereginak diren bizitzari zein ekonomiari eusteko. Etxeko langileek gauzatutako zereginak ikusezinak dira, eta, horrenbestez, eskubideak urratzen zaizkienean babesik gabe egon ohi dira”.

Donostiako Udaleko Berdintasun Departamentuak laguntza eskaini nahi dio batez ere emakumez osatuta dagoen kolektibo honi. Zerbitzu hau abian jartzea, hain zuzen, Udaleko Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurrietako bat da. Zerbitzu hau eskainiko zaie zaintza edo etxeko lan ordainduak egiten dituzten emakume guztiei. Azken batean, emakume horien bizi-baldintzak hobetu eta egoera prekarioak saihestu nahi dira.

Zerbitzu honen berri emateko, komunikazio kanpaina bat egingo da, kartelen zein liburuxken bidez eta hainbat hedabidetan iragarkiak jarrita.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE