Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2020 URR 22

DONOSTIAK EMAITZA ONAK ESKURATU DITU ENERGIAN, INGURUMEN KALITATEAN, HONDAKINEN BIRZIKLATZEAN ETA MUGIKORTASUN IRAUNKORREAN

Cristina Enea Fundazioaren Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari eta Klimari buruzko Urteko Txostena argitaratu du, 2019ko datuekin. Hiriaren erradiografia bat da, 50 adierazletik gora eta datu garrantzitsuak dituena hiraren egoeraren berri izateko, azken urteetan izan duen bilakaerari erreparatuta. Gainera, lehenengoz, txostena hiriak klima aldaketarako egindako egokitzapenaren eta neurrien ikuspegitik egituratu da, DSS Klima 2050 plana, kasurako.

Ekologiako zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, nabarmendu egin ditu Donostia izaten ari den parametro onak, "nahiz eta alderdi batzuetan baduen zer hobetu" eta hau azpimarratu du: "Txostenak jasotzen dituen datuak asko aldatuko dira. 2019ko datuak dira, eta 2020an, konfinamenduak bultzada emango digu parametro askotan. Mugarria izango da hiru hilez gure kaleetan jarduerarik ez izatearen eta normaltasun berria delakora astiro eta zuhurtziaz itzultzearen aurrean; kontsumoan, hondakinetan eta mugikortasunean islatuko baita. Hori kontuan izan dezagun iazko Txosteneko datuak biltzean".

Manu Gonzalez Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiko zuzendari tekniko eta txostenaren koordinatzaileak adierazi duenez, "Txosten berria" da, begirada, datu eta informazio iturri berriak dituelako. "Azterlan hau Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko DSS 2050 hirian ezarritako jarduera-eremuetatik egituratzen eta planteatzen da. Donostiako emisio karbonikoak murrizteko eta klima egokitzeko ibilbide-orria ". Iraunkortasunaren Behatokiko arduradunaren arabera, gaur argitaratu den ikerketak "hiriak erronka klimatikoaren kudeaketan izan dituen aldaketak zorrotz eta zehatz aztertzeko oinarriak ezartzen ditu".

>>> ADIERAZLE NABARMENAK

ENERGIA

Energiaren kontsumoari eta ekoizpenari dagokionez, kontsumo elektrikoa jaitsi egin da apur bat (%0,42). Urteko batez besteko kontsumoa 3.702 kWh-koa da biztanleko. Gasaren kontsumoa murriztu egin da (%4,79), lau urtez jarraian hazi ondoren. Hain zuzen, urteko eta biztanleko 3.933 kWh-koa da. Bestalde, energia berriztagarrietatik datorren energiaren sorkuntza, biomasaren instalatutako gaitasuna nabarmen hazi ondoren Txomineko District Heating delakoa ezartzeagatik, 2019an apur bat hazi da geotermiako, eguzki energia termikoko eta eguzki energia fotovoltaikoko instalazio berrien kopurua. Iturri berriztagarrietako energia ekoizpena hazten ari da astiro-astiro. Hirian energia berriztagarrien 11.103.521 kWh-ko ekoizpen globala kalkulatu da; hau da, %19,54ko hazkundea 2018arekin alderatuta.

2019ra arte, 49.520 higiezinek energia ziurtagiria lortu dute. Horien artean, %5,90ek lortu du soilik A, B edo C kalifikazioa (kategoria eraginkorrenak); hain zuzen, ziurtagiria duen azalera osoaren %13a da.

HONDAKINAK

Hondakinen kantitate osoa %0,39 handitu da 2018. urtekoaren aldean; hots, biztanle bakoitzak 488 kilo zabor sortu ditu urtean. Hondakinen gaikako bilketaren tasa handitu egin da, eta sortutako hondakinen %41,47 izatera iritsi da; hau da, biztanle bakoitzak 202 kilo hondakin sortu ditu birziklatzeko. Kopuru hori aurreko urteetakoa baino handiagoa da; izan ere, 2015 eta 2018 artean, urteko eta biztanleko 194 kiloren azpitik zegoen. Hirugarren urtez jarraian, %2,08 murriztu dira zabortegira eramandako hondakinak, hau da, biztanleko 286 kiloko batezbestekoa lortu da.

Materia organikoari dagokionez, edukiontzi berezien sistemaren bitartez hondakin organikoak jasotzeko programan 28.132 familiak eta hainbat motatako 1.812 establezimenduk parte hartu dute. 5.456.155 kg materia organiko jaso dira. Hondakin organiko gehiago jaso dira familiek erabiltzen dituzten bide publikoko edukiontzietan (2018an baino %6 gehiago), baita ekoizle handien bitartez ere. Gainera, 837 etxek banakako konpostagailua dute eta 94 familiak hiriko 9 auzotan gaitutako auzo konpostako programan parte hartzen dute.

AIREAREN KALITATEA

Hiriko airearen kalitatea udalerrian kokatutako neurketa estazioen bitartez aztertzen da. Urte osoan airearen kalitatea "oso ona" edo "ona" izan den egunak %99 izan dira Puioko estazioan, %95 Tolosa hiribideko estazioan, eta %87 Ategorrietako eta Easoko estazioetan.

URAREN KALITATEA

Hiria hornitzen duen uraren kalitateak ezin hobea izaten jarraitzen du; analisien %98,91 aldekoak izan dira. Bestalde, Urumeako uren kalitatearen azterketak erakusten du ingurumen helburuak hobetu direla bokaletik hurbilen dauden eremuetan (egoera orokorra "ona" gisa sailkatuta dago Santa Katalinan) eta kostaldean (egoera orokorra "ona" gisa sailkatuta dago Monpasen). Nolanahi ere, ibaiaren erdialdeko eremuan (Loiola eta Santa Katalina zubien artean) egindako analisiek erakusten dute uraren kalitate adierazleetan beherakadak egoten jarraitzen dutela (egoera orokorra "ona baino okerragoa" gisa sailkatuta dago Loiolan).

MUGIKORTASUNA

Mugikortasunaren arloan, oinezko joan-etorriek jarraitzen dute nagusi izaten hiritarren artean, guztien %46,2 izanik. "Horri joan-etorrien %4,2 bizikletaz egiten direla gehitzen badiogu, joan-etorrien %50,7 motordunak ez diren moduetan egiten dira. Bizikletaz 21.702 joan-etorri egiten dira egunero, kopurua %2 igo da 2018koaren aldean", adierazi du Garmendiak. "Banakako ibilgailu motordunean egindako joan-etorriak, dela norberaren autoan dela motorrean, guztien %31,3 dira. Kopuruak apur bat gora egin du".

Garraio publikoa garraiobide oso erabilia da donostiarren artean egunero egiten dituzten joan-etorrietan. Hainbat sistemaren bitartez (Dbus, Lurraldebus, Euskotren edo Renfe), hiriaren barruan 33.608.098 bidaia zenbatu dira. "Kopuru horrek esan nahi du biztanle bakoitzak urtean 179 bidaia egiten dituela batez beste. Zenbateko hori Europako altuenetako bat da, eta antzeko tamainako Espainiako gainerako hirietakoaren oso gainetik dago", nabarmendu du Ekologiako zinegotziak.

Motorizazio indizea oso arinki jaitsi da, azken hiru urteetan jarraian hazi ondoren. Hain zuzen, 1.000 biztanleko 405 turismo eta 141 ziklomotorren proportzioa irudikatzen du. Hirian matrikulatutako ibilgailuen %71,8k ingurumen bereizgarriren bat dauka, nahiz eta soilik %1,3 sartzen den energia eraginkortasun handieneko ibilgailuen kategorian, ingurumen inpaktua aintzat hartuta.

ZARATA

Hainbat arlotan hartutako neurriei esker, murriztu egin da kutsadura akustikoko maila altuak jasaten dituzten pertsonen kopurua. Azken Zarataren Mapa Estrategikoak (2017) adierazten du OMEk gomendatutako zarata maila baino handiagoa jasaten duten biztanleak %11ra murriztu direla. 2011n %30 ziren. Giro Soinua Hobetzeko Udal Planak hainbat neurri ezartzen ditu datozen 5 urteetan OMEk gomendatutako zarata maila baino handiagoa jasaten duten biztanleak %5etik behera murrizteko.

EMISIOAK

2018an, udalerriko berotegi efektuko emisioak hazi egin dira berriro (%1,48 aurreko urtearen aldean), eta ez da lortu 2016tik ikusten den joera hori gelditzea. Hazkunde hori industrian eta etxeetako energia kontsumoan gertatu zen. Alabaina, mugikortasunak izaten jarraitzen du hirian zenbatzen diren emisioen arduradun nagusia: inbentariatutako emisio guztien %41 hartzen ditu. Ibilgailu pribatua da igorle nagusia.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE